viernes, 9 de noviembre de 2012

Oroitzapenaren harra

Sagar ustelaldurik esnatu da gaur goizean;

-Goiz da oraindik! Oheko ohialek pisu gehiago al dute egunero?
Behin eta berriz altxatu da, behin eta berriz...
baina petraldurik gaur ere.

Sagar usteldurik esnatu da gaur goizean ere;
ia indarrik gabe zatiak erortzen zaizkiola daki.
Usteldurik.
Koloreak marroiturik ditu inguruan. Marroitua dago.

-Ziur oheko ohialek pisu gehiago ez dutela egunero? demontre!
Oroitzapenen harra dauka barrena jaten.
Indarrak kentzen dizkio, marroitu egiten du.

Sagar usteldurik dago. Indarrik gabe, eta guri-guri gainera.
Guri guri... estalkirik gabe. Eta sagar usteldurik.

Har madarikatua. Gorroto du batzuetan.
- -Zergatik? -galdetzen du behin eta berriz, usteldurik-.

Berriz herein beharko du bere hazia, baina...
ustelrutik esnatu da gaur goizean ere.






miércoles, 24 de octubre de 2012

Iluntzean

Udazkenaren aurpegirik nagiena azaldu zaigu begi aurrean. Esna egoteko arazo nabarmena du, ezin uka; Kosta egiten zaio esnatzea, eta era berean, azkar eramaten ditu egunak ohera, azkarregi akaso batzuetan.

Hortxe azaltzen gara gutako asko bitartean: arratsaldeko zazpiretan jada iluntze aldera, eta etxean ezin egonaren ondorio, kaletik hara eta hona, paseo lasaigarri horiekin afal-ordua iritsi arte pentsamenduekin jolasean.

Egun txar -oker, arraro, tonto- asko daramatzat bizkar gainean udazkena hasi denetik. Ilunaren konpainiarekin, paseo bakarti eta zigarro amaigabeen melodiarekin, egunari norabide nostalgikoak ipintzen baitizkiot nahi gabe. Eta konturatzen naiz ez dela terapiarik onena, ez, baina iluntzean dena oso erromantikoa bihurtzen da eta akaso ohitura kontua izango da, baina gustoko dudalakoan beti nabil halako kontuekin.

Jakin badakit txikitatik izan naizela nahiko sentimentala, baina ziur aski inguruan topatu dudan "sentimendu"en  apologia ez dut benetan behar bezala barneratu; ez nuke esango. Bakarrik sentitzearen sentimendua daukat hizketa azken aldian, "bakarrik zaude!" behin eta berriz errepikatuaz. Ez du oihurik egiten, baina eulien antzera daukat nire gainean bueltaka. Izan ere, ez nago ziur ba ote dakidan jada zer den "konpartitzea"; ez nago ziur benetan erakutsi didaten "konpartitze" horrekin ados nagoen; eta ondorioz, bakarrik sentitzen naiz.

Egi-zalea naiz, eta beraz, aitortuko dut maitemintzea atsegin dudala. Sentimendu intentsoez bustitzea eguna, eta udazkeneko iluntze aldeko paseoak norbaitekin eskutik helduta egitea maite dut. Sudur punta hozten ez uzteko norbaiten berotasuna sentitzea maite dut. Zinez gainera: maite dut. Baina ez zait pertsona bat "neure"ganatzea gustatzen, eta horregatik itxi egiten naiz edozein maitemintze-susmoren aurrean. Ez baitakit denborarekin prest egongo ote naizen, "nirea" ez sentitzeko ondoan dudan pertsona.

Eta aitormen are handiagoa: ez dakit "norbait"ena naizena sentitu nahi dudan denborak aurrera egiten duen heinean. Uste dut konfiantza kontua dela, baina beti ere ustea da. Denbora asko daramat bakarrik eta ohiturek eta ikuspegi bakarti honek obsesio puntu batera eramaten nau nohizean behin.